Tags
Batek baino gehiagok esan digu kanpotik oso argi nabaritzen dela guk primeran pasatzen dugula eszenatoki gainean. Eta hala da, oso ondo pasatzen dugu (bestela ez genuke hor jarraituko).
Hala ere, eduki izan dugu sustoren bat edo beste hain ondo pasarazi ez diguna. Hementxe “osasunarekin” zerikusia duten hiru momentu:
– Iñauteriak, Lizartzako gaztetxea, soinu froga. Tomax bere baxua jotzen hasten da eta konturatzen da gaztetxeko elektrizitate estatikoagatik ezin duela soka bakar bat ikutu ere. Kalanbreak ematen dizkio (eta ez txikiak). Zer egin erabakitzen ari ginela, Arruti konturatzen da bere erizain mozorroan latex guanteak daudela. Tomaxek, latex guanteekin jo zuen kontzertu guztia!!! Baina azkenerako guanteetan zuloak egin zitzaizkion eta kalanbreak jasotzen bukatu zuen berdin-berdin. Eta masokismo arranke batean, hurrengo urtean bertara itzuli ginen jotzera…
– Igeldon kontzertua. Andonik bere deskontrol momentu horietako bat dauka, normalean letrak ahaztu, gaizki sartu edo holakoren baterako balio duten horietako bat, baina kasu honetan beste eragin bat izan du. Deskontrolaren erdian mikrofonoa amorrazio handiegiz hartu du eta hortz bat puskatu du!!! Andonik dirutxo bat utzi behar izan zuen hortza berregiteko…
– Pasai Antxoko kontzertua bukatzen ari da 3gabe2. Hain ohikoak izaten diren lehen lerroetako mozkor batek zerbait esan nahi dio Arrutiri. Baina Arruti jotzen ari da, ezin dio kasurik egin momentu honetan (fenomeno hau ere oso ohikoa da, kantatu eta konbertsazio bat batera mantentzeko gai garela pentsatzea). Mozkorrak ez du ondo hartu Arrutik kasurik ez egitea (izan ere, bere buruan Arruti erabat kapaz da erantzuteko) eta mikrofonoaren oinari kolpe bat eman dio (bai, eszenatokiaren aurrean hesiak jartzearena ez zaigu askotan gertatzen). Mikrofonoaren eraginez odolez bukatu zuen Arrutik begi ondotik.